mikelgs

joined 4 years ago
1
submitted 7 months ago* (last edited 7 months ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Datorren astean greba deialdia dago hezkuntzan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jakinarazpena irakasleei (Azkar batean ekarria, letra lodiz zeudenak etab. ondo jarri gabe daude.)

Lankide agurgarriak:

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila zuekin harremanetan jartzen da gaur hainbat sindikatuk deitutako grebaren harira. Lehenik eta behin, gure ikasleen ongizatearekin eta arrakasta akademikoarekin konprometituta egunez egun eta lehen lerroan zaudeten guztion lana, dedikazioa eta erantzukizuna nabarmendu eta aitortu nahi dugu. Era berean, argi eta garbi partekatu nahi ditugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik ematen ari garen urratsak.

Irmoki sinesten dugu hezkuntza sistema guztion proiektua dela. Elkarrizketa, entzute aktiboa eta adostasunak bilatzea ezinbestekoak dira hezkuntza-komunitate osoaren beharrei erantzuteko, etengabe aldatzen ari den testuinguru batean.

Premisa horrekin, azken hilabeteotan negoziazio-prozesu sakona burutu dugu sindikatuekin, eta bertan elkarrekin lan egin dugu ikastetxe publikoetako irakasle guztien lan-baldintzak hobetzeko.

Dakizuenez, 2022ko maiatzaren 26an gehiengo sindikalarekin lortutako akordioa mugarri garrantzitsua izan zen, eta akordio horrek dagoeneko ezartzen ari diren hobekuntza esanguratsu batzuk ekarri zituen, hala nola:

  • Ratioak jaistea zenbait hezkuntza-etapatan.
  • Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan aholkularitzako langile gehiago, eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan orientazioko langile gehiago ezartzea, baita Lanbide Heziketako zenbait ikastetxetan ere.
  • Hezkuntza berriztatzeko arduradunaren figura sortzea, ikastetxe publiko guztietan presentzia izango duena.
  • Ingelesa irakastea 3 urtetik aurrera, eta irakasgai honetarako irakasle espezialista gehiago izatea, hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako hezkuntza-proiektu bakoitzaren arabera egokitzea errazteko.
  • Hezkuntza Premia Bereziei erantzuteko baliabideak handitzea.
  • Tutoretza bikoitza esleitzea 20 ikasle baino gehiago dituzten bigarren hezkuntzako taldeei.
  • Zuzendaritza-eginkizunak betetzeko ordu gehiago izatea.
  • Ikastetxe bakoitzeko lanpostuen zerrendan sartzea akordio hau aplikatzearen ondorioz sortutako plaza berri guztiak. Plaza horiek funtzionalak izateari utziko diote eta egiturazko plaza bihurtuko dira.

Hala ere, irakasleen lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko asmoz, 2024ko abenduaren 2an azken proposamen integrala aurkeztu genien sindikatuei. Proposamen horrek, besteak beste, funtsezko hobekuntzak jasotzen ditu indarrean dagoen akordio arautzailean jasotakoekin alderatuta:

  • Lan-karga murriztea: 23 ordutik 21 ordura HH/LHko langileentzat datozen 2 urteetan. Gainerako kidegoetako proiektukako langileentzat ordu-murrizketa negoziatuko da.
  • Ikasturte batean irakastorduen herenak metatzea, uztaileko tratamendu berarekin.
  • Bitarteko langileen lan-baldintzak hobetzea, irakasle funtzionarioen lan-baldintzekin parekatuz legezko eragozpenik ez dagoen gai guztietan.
  • Soldata-igoera hainbat neurriren bidez: lehen seiurtekoaren kapitalizazioa, zuzendaritza-karguengatiko osagarrien gehikuntza, kargu akademikoagatiko osagarrien ordainketa osoa.
  • Osasun-arrazoiengatik lanera egokitzeko protokolo berezia.
  • Egoera larrian dauden pertsonentzako lanpostuz aldatzeko protokoloa.
  • Lizentziak eta baimenak: lizentzia eta baimen berriak gehitu dira, eta beste batzuk hobetu edo malgutu dira; besteak beste, amatasun- eta aitatasun-baimenen luzapena, edoskitzaro metatuko egunen igoera, kontziliazioarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako lizentziak eta baimenak, eta abar.
  • Enplegu-eskaintza publikoak: Sailak prestakuntza-materiala garatuko du, hautagaien eskura jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak uste du neurri horiek irakasleen lan-baldintzak hobetzeaz gain, ikasleen ongizatean eta garapen akademikoan ere eragingo luketela, hezkuntza-kalitatea hobetzen duten ingurune egonkorrak eta aberasgarriak eskainiz. Informazio gehiago nahi izanez gero, erantsita doa Akordio Arautzaile berriaren proposamenaren testu osoa, irakasle funtzionarioen mahai sektorialean ordezkaritza duten sindikatuei 2024ko abenduaren 2an bidalia.

Proposamen hori aurrerapauso nabarmena da negoziazioan, eta dagoeneko zehaztuta dauka negoziazio-mahaiaren bilera-egutegia ikasturtearen amaierara arte. Horregatik, zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Akordioak eskura daude.

Hezkuntza Sailaren lehentasuna argia da: gure euskal hezkuntza-sistema indartzen jarraitzea, ikasle guztien arrakasta akademikoa bermatzeko. Konpromiso horrek, orain inoiz baino gehiago, hezkuntza-komunitate osoak norabide berean elkarrekin lan egitea eskatzen du. Horretarako, ahalegin guztiak egingo ditugu, jomuga horretatik ezerk desbidera ez gaitzan.

Eskerrik asko zuen ulermen eta konfiantzagatik.

Agur bero bat,

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.

1
submitted 7 months ago* (last edited 7 months ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Datorren astean greba deialdia dago hezkuntzan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jakinarazpena familiei (Azkar batean ekarria, letra lodiz zeudenak etab. ondo jarri gabe daude.)

Familia agurgarriak:

Zuengana jotzen dugu hainbat sindikatuk urtarrilerako eta otsailerako deitutako grebaren harira. Egoera horrek kezka sor dezakeela ulertzen dugu, eta horregatik lasaitasuna helarazi nahi dizuegu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik ematen ari garen urratsak argi eta garbi zuekin partekatu.

Urteak daramatzagu gure ikastetxeetan egunero dedikazioarekin eta konpromisoarekin lan egiten duten hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko ahalegin sendoa egiten. Soldaten hobekuntza, uztartze-neurriak, ratioen eta eskola-orduen murrizketa eta langileen egonkortasun- eta gaztetze-planak dira akordio esanguratsuak lortzeko gure borondatearen erakusgarri diren aurrerapenetako batzuk. Neurri horiek profesionalentzat onuragarriak izateaz gain, ikasleentzako kalitatezko hezkuntza sendotzen ere laguntzen dute.

Azpimarratu nahi dugu gaur egun aurrera egiten jarraitzen dugula sindikatuekin negoziatzen. 2024-2025 ikasturterako ezarritako bileren agenda abian da, egutegian jada finkatutako saioekin eta negoziazio-mahaiei buruzko proposamen argi eta handinahiekin. Horregatik, zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Akordioak eskura daude.

Hezkuntza Sailaren lehentasuna argia da: gure euskal hezkuntza-sistema indartzen jarraitzea, ikasle guztien arrakasta akademikoa bermatzeko. Konpromiso horrek, orain inoiz baino gehiago, hezkuntza-komunitate osoak norabide berean elkarrekin lan egitea eskatzen du. Horretarako, ahalegin guztiak egingo ditugu, jomuga horretatik ezerk desbidera ez gaitzan.

Eskerrik asko zuen ulermen eta konfiantzagatik.

Agur bero bat,

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila

 

Gaurko greba deialdia zegoen zerbitzu publikoetan, baina ez dut normal parte hartu. Ikastolara joan naiz eta gimnasioko peto bat jantzi dut. Asmoa honakoa zen: eskolaren beharren arabera lan egitea, baina egun honetan greba egiteagatik deskontatuko lidaketena guraso elkarteari ematea. “Soldata-greba” egin dudala esan liteke, nahi bada. Azaldu dezadan gehiago.

Greba kontzeptua ulertzen dut: enpresa kapitalista arrunt batean langileek soldata jasotzen dute eta nagusiek irabaziak, ahalik eta gehien; horregatik, grebak eginez nagusiek dirua galdu edo irabazteari uzten diote eta tratu berria egiteko presioa jasotzen dute.

Baina zerbitzu publikoetan? Alderantzizkoa gertatzen da!! Ordaintzen digunak dirutza aurrezten du eta kaltea herritarrek (langileria osoak) jasaten du. Izatekotan, argudiatu liteke zerbitzu publikoen arduradunak (gobernuak-edo) kalte elektoral bat jasotzen duela, baina ez zait iruditzen presio handia denik. (Ez, ez naiz greba egitearen aurka ari, greba onak aldarrikatu nahi ditut)

Gainera, sindikatuek ez dituzte deialdiak modu parte hartzailean prestatzen. Jakina, norbaitek esan ahal dit sindikatu batean afiliatu beharko nukeela. Afiliatuta nago, ez da nahikoa. Norbaitek esan ahal dit gehiago hurbildu behar dudala eta gertutik parte hartu, baina ez nago ados. Esaten ari naiz sindikatuek irakasle (edo osasun langile, etab.) guztiei hobeto galdetu beharko liguketela zer den benetan eskatzen duguna. Jakina, ez gure mesedetan zer lortu nahi dugun: Zerbitzu Publikoa hobetzeko zer aldarrikatu behar den baizik. (Ez, ez naiz sindikatuen kontra ari, eskerrak badaudela)

Hezkuntzari dagokionez, argi eta garbi, ratioak jaistea da lehentasuna. Baina gaurko deialdian ez da lehentasuna. “Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.” esaldiaren barruan dagoela suposatu behar, baina langilearengan fokua jartzen du eta deserosoa da. Ezetz, demontre, zerbitzu publikoa defendatu dezagun. (Ez esan langileak ondo egon behar duela zerbitzua ona izan dadin, hori badakit eta hala ere esaten ari naiz fokua zerbitzuan bertan jarri beha dela, logikoki maiz delako behartsuagoa zerbitzu publikoa jasotzen duena, ematen duena baino)

Deserosoa da gustura irakurtzen ez ditudan aldarrikapenekin greba egitea. Eta inertziaz betikoa egitea: greba egunean beranduxeago jaiki, manifa aurretik lankideekin kafetxoa hartu eta bueltaska eman ondoren etxera. Dirua deskontatzen digutela? Ez da sakrifizio bat, gehienontzat. (Ez, ez naiz esaten ari grebalariak hipokritak direla, gehienok greba deseroso egiten dugula baizik, hala uste dut nik behintzat, ikasturte honetako seigarren greba egun soltean)

Eta zer gertatzen da eskolan? Gaur ikusi dut lehen aldiz... 6 ume bakarrik etorri dira. Sei!! Zuzendaritzatik “lana ondo” egiten dute aspalditik: ondo komunikatu greba dagoela eta etortzeko eskubidea dagoela, baina ez dela egun normala izango. (Ondo eginda dagoela pentsa dezakezu, baliteke, pentsatu zuk)

Eta irakasleak? Bada... 20!! Bakoitzak 100 euro gaurko egunagatik = 2000 €uro publiko. Datozen egunetako klaseak prestatzeko edo administrazioak inposatutako burokrazia absurdoekin aurreratzeko aprobetxatu dute eguna (eta nik ere bai, ejem). Lankide horietatik zenbatek behar zuten benetan diru hori? Gutxienez batek bai, badakit. Zenbatek erabaki du etortzea, lan pilatuak aurreratzeko? Gutxienez batek bai, badakit. Deialdiarekin kritiko dira gainontzekoak? Oso adi egon naiz halako argudiaketak entzuteko (eta argudiatzeko eskubide hori babesteko prest), baina ez da halakorik egon. Beraz langile desmobilizatuak edo eskirolak ditut gainontzeko lankideak, eta desberdina den ez dakit. (Ez, lankide, gaurko soldata behar baduzu edo deialdiarekin kritiko bazara ez zaitut eskirol deitu. Badaezpada ere errepikatzen dut)

Berez, eskirol total gisa ez dut inor perzibitzen. Gaur ez naiz sentitu eskirolen artean, laser begiradarekin jendea akabatzen. Hasieran tentso samar nengoen, baina gero eta normalago hitz egin dut lankideekin eta lan egin dugu: ume bati buruz hitz egin dugu, besteari buruz, ikastolari buruz, idatziz egin behar diren lanei buruz, kudeatu behar den talde-gatazka bati buruz... Bitxia da, ez dugu irakatsi beharreko edukiei buruz hitz egin egun osoan, izango da zerbaiten seinale. Etorri den ikasle batekin lasaitasunez hitz egin eta elkarrizketa oso aprobetxagarria ere izan dut. Petoa jantzita nengoen, greba egiten ari nintzen, eta nik bakarrik nekien. Manifara joanda baino askoz ere hobeto sentitu naiz.

Garai batean greba binkulanteak egiten zirela esan zidaten erretiratzear dauden maistrek, aurreko grebako kafetxoan. Klaustro gisa bozkatzen zen ea deialdiarekin bat egingo zen edo ez. Bozketaren emaitza errespetatzen zen gero: guztiek greba bai, edo greba inork ez. Gero legea aldatu zela edo ez dakit zer, zerbitzu minimoak ere badaudela... Baina iruditzen zait berriro itzuli behar litzatekeela horretara. Eta ezetz ateratzen bada, ikasleen artean ez dugu ezinegon hori sortuko. Izan ere, jakingo duzu umeak zein aztoratuta egoten diren (pentsa, ume batek galdetu zidan aurrekoan “datorren astean(!) zein egunetan ez dago eskolarik?”). Aldiz, greba baietz erabakitzen bada bada, deialdia ondo argudiatuta dagoelako izango da eta ia guztiok egingo dugu. Adostuko da gero ondo zerbitzu minimoak nork bete. Zuzendaritzako lankideei eskatuko diet gaia aztertzeko.

Lankideren batek esan izan dit: greba hobea egiteko familiak ere inplikatu behar ditugu, gurekin etortzea manifara, lehen egiten zen. Tira, izan daiteke. Baina ez dago erraza, batez ere guraso horiek lan egin behar badute. Eta guk baino lan prekarioagoak izan ohi dituztelarik, sentitzen badute greba hau gure baldintzen alde ari garela. Gaurko deialdian dagoen “%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.” esaldiak aditzera eman dezakeen gisan. Ados, greba egiten dugun irakasleok ahalegin ekonomikoa ere egiten dugu. Baina ez al dugu nahiago ratioak jaistea? Hamar irakasleren %10 batu eta hamaikagarren irakasle bat ez al da ateratzen? Ez genuke ahalegin gutxiago egin beharko, baina ikasle edo paziente gutxiagorekin emaitza hobea izango genuke. Osasun eta kalitate eta duintasun gehiago guztiontzat.

Jardunaldi erdian nagoenez, 100€ beharrean 50€ emango dizkiot bihar guraso elkarteari. Duela gutxi Gazara dirua bidaltzeko ekimena antolatu zuten. Ez dakit hara bidaliko duten edo baloiak erosteko erabiliko duten, berdin zait. Kontua da ez nintzela eroso egongo kafetxo+manifa planean. Pentsa horrelako egunen dirua sindikatuen kutxatan gordeko bagenu, hemendik hamar urterako elkarrizketak:

  • Zuk zenbat egun dauzkazu greba-kutxan? Nik 12... eta badirudi aurten izango dela deialdi potoloa.
  • Nik 7 momentuz, komentatuko didazu nola doan gaia. ...

Gaurko esperimentuan lantokira joan naizenez, zifretan ez naute zenbatuko. Baina garbi daukat bi gauzak egin ditudala, zerbitzu publikoa eman eta greba. Zenbatu bat gehiago! Zenbat jende joan ote da lanera, zalantza berdintsuekin? Zenbat gehiago zenbatu litezke? Nola egin ditzakegu, Zerbitzu Publikoetan, greba hobeak? Horretan pentsaraztea zen testu (luzeegi) honen helburua. Eskerrik asko irakurtzeagatik.

Lehen Hezkuntzako maisu bat, Gasteizen, 2024-03-12an.

1
Lagun Ezkutua (lemmy.eus)
submitted 2 years ago* (last edited 2 years ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Gabonetan nekazal etxe bat alokatzen dugu eta tximinia ondoan jartzen ditugu opariak abenduaren 24an, egunean zehar.

Pare bat hilabete lehenago egin ohi dugu zozketa, nor-nori tokatu zaion jakiteko. Secret Santa zerbitzua erabiltzen du koinatak zozketa egiteko, uste dut.

Afaltzen bukatu eta pixka batera... norbaitek esaten du:

"Eh, zerbait entzun dut! Olentzero goian dago!!"

Korrika joaten gara goiko pisura eta umeen opariak hor daudela ikusten dugu. Bizpahiru iloba flipatzen, opariak zabaltzen...

Beranduxeago, 00:00ak aldera, lagun ezkutuaren momentua iritsi dela esaten dugu eta helduok banan-banan banatu eta zabaltzen ditugu. Guztiak zabaldu eta komentatu ondoren, azkenekotik hasita atzerantz argitzen dugu opariak nork eginak diren:

"Ea, zuri nork egin dizu? Ah! Seguru laguntza eskatu duzula ideia pentsatzeko... Eta zuri nork oparitu dizu..? - Horrela, ireki den lehen oparia nork egin duen jakin arte."

Umeak oraindik esna eta jolasten ari badira, ez dago inongo arazorik. BATERAGARRIAK DIRA lagun ezkutuaren metodoa eta Olentzero.

Zergatik da, ordea, onuragarria Lagun Ezkutua egitea? Adibidez:

  • Oparien prezio muga adosten da.
  • Guztiok opari bana jasoko dugunez, inork ez du beldurrik bere gertuko hori opari gabe geldituko ote den, beraz ez da "badaezpadako" erosketa kontsumistarik egiten.
  • Ez diozu oparia zure gertukoena denari egiten, pixka bat haragoko horrengan pentsatu behar duzu aste batzuez eta berari oparia egitea ederra da.
  • ...?

Aldiz, bestea umeei esatea... helduon konplizitate handi horrekin... zergatik da ona? Magia horrekin txikitan bertan gozatzen dutelako, eta hori aski da? Edo txikitatik ikas dezaten badaudela kriston gezurrak? Begiak irekitzeko zaplasteko hori sentitu eta, agian, helduaroan horrelako gehiago egin ahal izateko?

Badaezpada ere biak hobe...

1
submitted 2 years ago* (last edited 2 years ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Nik honela egin nuen prozesua:

https://ni.eus/ emaila dezente ari da zabaltzen eta zerbitzu fidagarria (urtetan zehar ondo mantenduko dutena) dela iruditzen zait.

  • Ni.eus email bat sortu.
  • Gmail ez eman inori gehiagori, spam gisako harpidetza guztiei "unsuscribe" egin eta bertara iristen ziren emailak ni.eus-era birbideratu.
  • Tutanota email bat ere sortu nuen, eta hori nire "email txarra" da. Hau da, toki arraroetan emaila eskatzen dizutenean emateko. Oso gutxitan begiratzen dut, hori ez baitiot pertsonei ematen.

Hilabete batzuez Gmail begiratzen jarraitu nuen badaezpada ere, baina bi email berri eginda (ona eta txarra) orain lehen baino hobeto nago! jejeje

Tutanotari behin lau sos eman nizkion (20€?) eta ni.eus emailarekin ohitu nintzela ikusi nuenean, urteko harpidetza egin nuen (uste dut bi urte eta gero izan zela). Domeinu bat ere ematen dizute harpidetzarekin, webgune bat sortzeko edo, baina nik ez nuen nahi nire emaila [email protected] izatea, eskatu nuen [email protected] izaten jarrai zezala nire emailak eta ez zen arazorik egon.

Besterik gabe hau partekatu nahi nuen, norbaitek kopiatu nahi badu aukera izateko, eta zerbait hobeto egin badezaket, abisatu!

1
submitted 2 years ago* (last edited 2 years ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Ekaineko egun lasaiak aprobetxatuta, Albizturko eskola txikira joan nintzen joan den astelehenean. Ordu eta erdiko saioa egin genuen eta honakoak landu ziren:

CC lizentziak

Lizentzia bakoitza zein den errepasatu genuen. Bakoitzak ipuin bat idatzi zuen orri batean, animalia bat tarteko zuena, eta ondoren zozketa bidez beren lanari sinadura eta lizentzia bat jarri zioten.

Eta softwareak... ipuina bezala dira?

Bideo eta audioak irekitzeko programa ezagunak (kono formako logoa daukanak) zenbat egile ote dauzkan pentsatu genuen denon artean. Ondoren VLC programaren github orrira joan ginen, eta pila bat dauzkala ikusi (software librearekin komunitatearen laguntza asko egoten da...). Kodea bera ere hor dagoela ikusi genuen.

Eta guk egin dezakegu hori?

VLC programaren kodea bezala, programa handiago bat daukate ordenagailuek: Sistema Eragilea. Izan dezakete Windows, Mac... edo Linux ugari daude. Azken hauek libreak dira, beraz erraz eskuratu daitezke.

Luberri probatu genuen, azalpen honekin: "Ordenagailuei gaur esango diegu esnatzen hasten direnean itxaroteko, USB txiki hauetan dagoen Sistema Eragilea pizteko".

Behin luberri piztuta ordenagailuetan, code.org orrira joan eta pixka bat aritu ziren. Ondoren, blokeekin agindu batzuk prestatuta zeudelarik, "kodea erakutsi" botoian sakatu genuen eta ikusi zuten (ez da guztiz egia baina tira), beraiek ere badakitela kodea idazten, software moduko "ipuinak" sortzen. Lizentzia itxia edo irekia eman ahalko dietela handitzean beraien kodeei, horretan trebatzen baldin badira.

Amaierako denbora librea, jostatzeko minutuak.

Amaieran libre izan zuten tarte bat, code.org-rekin jarraitzeko, Luberri barruko aplikazioetan arakatzeko, Gcompris jolas plataforma barruan ibiltzeko, Kgeografy, Stellarium...

Egin gabe geratu ziren gauza batzuk:

  • Ez genuen aipatu software libreek 4 askatasun betetzen dituztela.
  • Baina dohainik lortu ahal bada, lan hori egiten duen jendeak ez du soldatarik jasotzen? Ikasleei galdetu ea beraien gurasoek etxean egunkari edo aldizkaririk jasotzen duten... Harpidetza edo donazioen kultura ere software librearen parte dela irakatsi.
  • Gauza fisikoen ordez, ezagutzazko produktuez ari garenean, lizentzia irekiek ematen duten kopiatzeko baimena berez oso logikoa da. Hori ulertzeko gelan jolas txiki bat egin daiteke (jertsea eman edo txistea kontatu, zein da desberdintasuna? Jertsea bakarra da, txistea bikoiztu egin da). Bideo hau ere ederra da: Copying is not theft.
  • Hurrengo egunean-edo, polita litzateke idatzitako ipuinen bertsioak egitea (lizentziak baimentzen duen kasuetan) eta bertsio berriei egiletzak jartzea (egile berria eta iturrien aipua). Ipuina hobetzeko, beste era batean berridazteaz gain, animalien irudi bana bilatzea da modu bat. Pixabay atarian edo Google Irudiak orrian, lizentzien iragazkia jarriz.

Argitalpen honetako irudien lizentzia honakoa da: CC: by, nd

 

Aurten tokatu zaidan eskolan berriz Selfie galdetegia betetzeko lana jarri digute. Azken atalean hau jarri dut:

Ez duzue software librea esplizituki aipatzen. Horrela nola erantzungo du jendeak horren alde dagoen edo ez?

Bestalde, galdera honetan: " Gure ikastetxean, datuak babesteko sistemak daude Eman 5 puntuazioa soilik uste baduzu segurtasun-sistema irmoak daudela langileen eta ikasleen datuen segurtasuna bermatzeko (adibidez, posta elektronikoen eskaneaketa eta iragazketa, zahurgarritasunak aldian behin ebaluatzea eta enkriptatutako autentifikatzea)."

Eman dudan botoa 1 da, izan ere ez zait logikoa iruditzen eskola publikoak enpresa pribatuen zerbitzariak kontratatzea. Google edo Microsoft modukoen zerbitzuak erabiltzea pribatizazio eskandalagarria da. Hori administrazioaren partez arduren utzikeria da. Fundamentu pixka bat, mesedez, bada garaia.

  • Datorren urtean berriro beteko dut akaso, aldaketarik sumatu badut hemen aipatuko dut, pozik... ea hala den!
1
submitted 3 years ago* (last edited 3 years ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Gauza arraro bat gertatu zait eta uste dut aurretik behin gertatu zitzaidala: mugikorrean neuzkan lasterbide guztiak gris jarri zaizkit eta ez dabiltza. Berriak sortu behar izan ditut. Ez zen aplikazio baten arazoa, denetarik zegoen: Firefox nabigatzailearekin sortutako web orri lasterbideak, DuckDuckGo nabigatzailearekin jarritakoak, Shazam aplikazioaren "entzun eta identifikatu" lasterbidea... Norbaitek badaki zergatik izan daitekeen?

 

Hemendik modu gurutzatuan argitaratua: https://lemmy.ml/post/79973

Interesgarria, oso dibulgatzaile ona dela iruditu zait.

1
Orburu kontserba (lemmy.eus)
submitted 4 years ago* (last edited 4 years ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Alkatxofa, artixot edo orburu kontserba egiteko prozedura jasotzeko gogoa nuen aspalditik. Araban ikasi dut hau egiten, urtero apirilaren amaieran edo maiatzean, familia osoa elkartuta. Hauek dira 2021eko zifrak:

  • 91 dozena alkatxofa (1000 ale inguru) 264€
  • 3,5 kg limoi: 10€
  • Flaskoentzat tapa berriak: 17€
  • Flaskoak urtean zehar gordeak, doan
  • (+ ura + gatza)

Guztira 110 flasko atera dira, bakoitzaren kostua 2,65€ izan da (gure goiz pasa doan, noski).

Bitxikeria: 7000 m2 dauzka 1000 orburu eman dituen soroak.

Dokumentu honetan azaldu dut prozedura.

OHARRA: ez erabili prozedura hau beste edozein barazkirekin. Zainzuriak eta bestelako produktu batzuk arriskutsuak izan daitezke, botulismoa eragin dezakeelako gaizki eginez gero.

1
Saskigintza (lemmy.eus)
submitted 4 years ago* (last edited 4 years ago) by [email protected] to c/[email protected]
 

Zumea erosi genuen Aranda de Dueroko enpresa baten webgunetik. Zume zuria nahi genuen baina ez zeukaten, 40€tan 5 kg Buff erosi eta egun gutxitan etxean genuen paketea (120 cm-koak). Material ona, lau saski egiteko haina dirudi (tamainaren arabera noski).

Ondoren tutorial bikainak (ingelesez) aurkitu ditugu Asaf Salim irakaslearengandik. Youtuben badu kanala, baina bere webgunetik ikusteko eskatzen du. Hain baliagarri izan zaizkigu, dohaintza edo ordainketa bat egin diogula eskertzeko.

Pisu txiki batean bizi garenez, zumea beratzen jartzeko 1,5 metroko PVC hodi bat erosi genuen, ipurdia sukaldeko film eta zeloarekin itxi eta zumeak bertan sartuta, dutxan zutik urez bete genuen. Ondoren, lurrean toalla busti pare batekin mantendu genituen heze.

Argazki batzuk jartzen ditut hemen, norbaitek interesa baldin badu galdetu eta saiatuko naiz laguntzen.

 

Mastodonen mezu hau irakurri dut https://mastodon.eus/@jogerka/105533617428102362 Lau errezeta begano interesgarri, beraz, hemen: https://issuu.com/urbanbat/docs/la_casa_esto_mago/1

view more: next ›